Aibo txakur-robota. Edo robot-txakurra, ez dakit oso ondo. Txikia, eder-ederra, hiper-moloia. Benetako txakur batek egin ditzakeen gauzetako asko egin ditzake, sofako kojinak jan, egunero lauzpabost aldiz pasioan atera edo alfonbra txizaz zipriztindu gabe. Umeak eta edadeko pertsonak zaintzeko traste ezin egokia dela dio Sony etxeak.

Hori bai, merke-merke ez da ateratzen, eh? 1.800 euro inguru balio du trasteak. Aurtengo bertsioak dituen berrikuntzen artean nabarmenena, adimen artifizialaren erabilera. Hari esker, Aibo gauza da berez ikasten joateko. Bereizteko, adibidez, etxeko nork tratatzen duen hobeto eta nork txarrago. Trikimailu berriak ikasteko…

Baina adimen hori, txakurraren burmuina, ez dago robotaren barruan. Lainoan dago. Aiboren ‘burmuinaren’ zatirik handiena Sonyren zerbitzari batzuetan dago. Haiekin etengabe konektatuta dago robota… bueno, jabeak hileko 25 euroko kuota ordaintzen duen bitartean… Gauzen Internet, badakizue.

Edo, beharbada interneten gauzak. Dendan norberak erosi eta ordaindu arren, bene-benetan beste norbaitenak direnak, alegia. Funtzionatzeko, interneteko konexioa eta urrutiko zerbitzaria ‘erabili’ baino, ‘BEHAR’ dituzten trasteak. Aibo hau muturreko adibidea da: Sonyk bere zerbitzariak ixtea erabakitzen duen egunean, 1.800 euroko zonbi metaliko bihurtuko diren robotak.

Baina objektu sinpleagoekin ere gerta liteke. Gero eta gehiagorekin. Aurrekoan, mahairako flexo bat erosi nuen. Teknopaton ajeak, diseinua gustatzeaz gain, ‘smart’ etiketa ikusi eta berehala heldu nion amuari. Internetera konektatzen den flexo bat. Piztu eta amatatzeko ez, baina argiaren kolorea eta intentsitatea aldatzeko internetera konektatu BEHAR den flexo bat. Enpresak zerbitzua bertan behera utziz gero, erositako funtzionalitatearen erdiarekin baino ez naiz geratuko.

Eta ez pentsa adibide hipotetikoak direnik. Aspalditxo gertatu zen Pebble smartwatchen kasua: erloju adimentsuak, zerbitzari batera konektatuta gauza zoragarriak egin ditzaketenak: email, whatsapp edo SMSei ahoz erantzun, zientoka aplikazio exekutatu… Merke eta ondo, gainera. 2016 bukaera aldera, halako batean, enpresa beste batek erosi, batez ere software patenteekin geratzeko, eta Pebble marka, gailuak eta zerbitzua bertan behera uztea erabaki zuen. Zerbitzua 2017ko abendura arte mantenduko zutela esan zuten, eta egunotan konfirmatu berri dute 2018ko ekainean desentxufatuko dituztela zerbitzariak. Une horretatik aurrera erosleok erlojuon erdia baino ez dugu izango erabilgarri. Produktua erostera bultzatu gintuzten ezaugarri nagusiak desagertu egingo dira.

Internetera konektatutako telebistak daude salgai jadanik, autoak, bonbillak, hozkailuak, garbiketarako robotak… inguruan ditugun objektuetan, gero eta gehiagori gerta dakieke egun batetik bestera interneteko zerbitzurik gabe geratu eta beraien funtzionalitate osoa –edo zati handi bat- murriztuta geratzea. Inguruko gauzak arruntenak ere zerbitzu bihurtzen ari zaizkigu pixkanaka… eta nik neuk oraindik ez daukat oso argi ideia gustatzen zaidan ala ez.